GOIERRIKO HITZA. Kilian Jornetek seigarrengoz irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina inoiz baino gehiago kostatu zaio: Luis Alberto Hernando 12 segundo eskasera sartu da helmugara. Podiuma Tadei Pivk-ek osatu du. Lehen euskalduna Jokin Lizeaga izan da, bosgarren postuan, eta bigarren euskalduna eta lehen goierritarra, Aritz Egea urretxuarra (10. tokian). Emakumezkoetan berriz, Emelie Forsberg izan da azkarrena. Lehen euskalduna Maite Maiora mendaroarra izan da eta lehen goierritarra Elena Calvillo beasaindarra. Oihana Kortazar faboritoak min hartu eta proba utzi zuen.
Gizonezkoen arten, Jornet kataluniarra zen lasterketa irabazteko faborito nagusia eta pronostikoa bete zuen, baina bere onena eman behar izan zuen horretarako. Hernando burgostarra gertu izan zuen lasterketa osoan zehar. Jornet, errekorra hausteko zorian egon zen arren (20 segundo eskasera gelditu zen), 12 segundoko aldearekin bakarrik sartu zen helmugara. Alberto Aierbe antolatzaileak, Hernandok Jorneti lana emango ziola adierazi zion Goierriko Hitzari, eta bete-betean asmatu zuen.
Jornet-helmugan2Kataluniarra gustura azaldu zen helmugan. Rob Jebbs ingelesak duela jada zortzi urte egindako errekorretik (3.54:18) horren gertu gelditzeak ez zion inongo atsekaberik sortu. «Lasterketa oso ona egin dut eta errekorra hautsi ez izanak ez nau atsekabetu». Hernandoren lana azpimarratu zuen. «25. kilometrotik helmugara ia elkarrekin etorri gara. Borroka latza izan da».
Giroa ere aipatu zuen. «Eguraldi ona egin du eta mendian milaka ikusle egon dira. Izugarria izan da. Lasterketa hau oso berezia da. Larunbatean antolatzaileek omenaldia eskaini zidaten, baina omenaldia eurek merezi dute. Lasterketa honen inguruan sekulako giroa sortzea lortu dute».
Egea urretxuarrak ere asko sufritu zuen. «Oso azkar atera naiz eta Urbia inguruan bolak igotzen hasi zaizkit. Andraitzetik helmugara asko sufritu dut».
Esfortzuak merezi izan zuen, ordea. Denbora bikaina egin zuen (4.17:24) eta gainera helmugan hamargarren tokian sartu zen. Honenbestez, bigarren euskaldun onena eta goierritar onena izan zen. Oso pozik zegoen. «Iaz parte hartu nuen lehenengoz. Ez nintzen sasoi onean heldu eta asko sufritu nuen. Denbora oso txarra egin nuen».
Egeak triatloiak egiten zituen (2010ean Hawaiikoa hamar ordutik behera egin zuen), baina ziztu bizian egokitu da mendiko lasterketetara. «Triatloietan asko gozatu nuen, baina Hawaiikoa egin ondoren, uztea erabaki nuen. Mendi lasterketetako giroa nahiago dut. Triatloietakoa elitistagoa da. Gainera, mendiko lasterketak entrenatzeko errazagoak dira».
Bere ustez, oraindik ez du gaina jo. «Gihar arazoak izan ez banitu, denbora hobea egingo nukeen. Hurrengo urteetan, eguraldi ona egiten badu eta arazorik ez badut, 4.15etik jaitsiko naizela uste dut».
Luzaroan mendiko lasterketetan jarraitzeko asmoa du. «Oraindik asko dut ikasteko, aldapa behera batez ere». Oraindik zer hobetu baduen arren, dagoeneko euskal selekzioko kidea da. «Selekzioarekin aritzea presioa da, baina lasterketa oso politetan parte hartzen dugu. Gaur lortu dudan emaitzarekin, Munduko Kopa euskal selekzioarekin egitea espero dut».
Calvillo beasaindarra ere euskal selekzioko kidea da. Bera izan zen lehen emakumezko goierritarra. Gustura ageri zen, bere denbora onena berdindu baitzuen. «Sei aldiz parte hartu dut Zegama-Aizkorri maratoian eta hirutan denbora bera egin dut: 5 ordu eta 27 minutu.Adinean aurrera goaz eta mantentzea ez dago gaizki». Bere hurrengo erronkak Espainiako Kopako Lanzaroteko proba eta Espainiako Txapelketa dira. Bietan euskal selekzioarekin parte hartuko du.
Lehen euskaldunak
Berarekin batera arituko denetako bat Lizeaga urnietarra da: lehen euskalduna Zegaman. 2012tik hona postu bat galdu du, baina denbora hobetu du. Munduko Kopako proba askotan parte hartu du, baina Zegamakoa bezalako festarik ez duela ezagutzen dio. «Inon ez da horrenbeste jende egoten. Euskal Herrian sufrimendua nagusi den kirolak maite ditugu eta Zegama horren isla da».
Maiora mendaroarra iritzi berekoa da. Ikusleen laguntzarekin, bosgarren emakumezkoa izan zen helmugan. Gainera, lehen emakumezko euskalduna izatea lortu zuen. «Zegamara heldu naizelako nago bereziki pozik. Izan ere, iaz erori egin nintzen eta anbulantzian bukatu nuen».
http://goierri.hitza.info/2013/05/27/jornet-inoiz-baino-estuago/